Press "Enter" to skip to content

Hilabetea: urria 2011

Arkamurkaren Iñurritzako biotopoari buruzko idatzia

Arkamurka Natur taldeak bidalitako mezu bat jartzen dizuegu jarraian. Bertan, Iñurritzako biotopoaren inguruan eginiko hausnarketa bat duzue:

Hegaztien pasa-garaian bete beterik aurkitzen garen honetan, Arkamurka Natur Elkartetik ez genuke aipatu gabe utzi nahi Iñurritzako biotopoak gertaera honetan duen garrantzia.

Kantauri isurialdeko hezegune gehientsuenak desagertu dira eremu horiek etxeak egiteko, industriarakoedo nekazaritzarako okupatu direlako, eta Zarautz ez da salbuespena izan. Iñurritza bezalako hezeguneek berebiziko garrantzia dute hegaztiek migrazio garaian elikatzeko eta atsedena hartzeko baliatzen dituztelako, eta azken urteetan Iñurritza aldean egin diren berreskuratze edo eraberritze lanek oso argi erakusten digute hori. Urteak daramatzagu Iñurritzako biotopoan hegaztiei jarraipena egiten, eta berreskuratze lanak egin ziren unetik gaur arte nabarmen egin du gora hegazti-espezieen kopuruak.

Ez da erraza izan bidea. Bere garaian duna zati bat babestu zen, gero ibai ondoko hondartzako beste zati baten sarrera itxi zen, eta duela bizpahiru urte berreskuratze lan hauek egin ziren. Pixkanaka bada ere, azken urteotako lanei esker eremu hau berreskuratzen ari da, eta lehen aipatu bezala, hegaztiek ederki eskertu dute.

Baina hala ere, zer hobetu asko dago oraindik. Babestutako eremua hain txikia izanik, berebiziko garrantzia dauka Iñurritzari bira ematen dion bidexkan dabiltzanek hegaztiak ez uxatzeko pantaila txukun bat jartzeak, parez pare dauden zuhaixkak hasi bitartean, bederen. Eta asko lagunduko luke informazio-panelez hornitutako hegaztien behatokia jartzeak. Golf-lariak golf eremuaren barruan errenditzea bermatu beharko litzateke, piloten bila irtetean hegaztiak uxatzen baitituzte, eta Maiatzetik Uztaila bitartean, txirritxoek lurrean kumatzen duten garaian, beraien arrautzak zapaltzeko arriskua dago. Txakur jabeei ere dei bat egin nahi diegu Iñurritzatik pasatzean txakurrak lotuta eramateko, babes gunera sartu eta hegaztiak asko estresatzen dituztela ikusi baitugu.

Gauean etorri eta golfean atsedena hartzen geratzen diren atalar, hegabera, antzar, kulixka, urre-txirri etabar luzea, goizeko lehen orduetan golfera jolastera joaten direnek uxatzen dituzte, Iñurritzatik alde egiten dutelarik toki lasaiago baten bila. Golfetik ihesi joaten diren hegazti hauek guztiak bakean utziko bagenitu, askoz denbora luzeagoan geratuko lirateke bertan, eta orduan bai, Iñurritzako biotopoak bere balioa emendatuko luke. Iñurritza hain txikia izanik, giza presentzia haundiegia dago alde batetik eta bestetik.

Hauek dira, beste hainbaten artean, Iñurritzako biotopoan hegaztientzako babestuta dauden eremu txikietan behatu ditzakegun txoriak: negu partean, mendebal-txori mokolodia, Istingor arrunta, urre- txirria, atalarra, hegabera, kaioak, ahateak, koartzak, txilinporta txikia , ur-oilanda, ur-oiloa, kopetazuria, antzar arruntak e.a… Udaberrian, ehundaka limikola etortzen zaizkigu pasean, horietan ugarienak, txirritxoak, txirriak, kuliskak, bernagorriak, kurlintak etabar luzea izanik. Orain bi urteko berreskuratze-lanek beste albiste pozgarri bat ere eman digute: txirritxo txikiak kumatzen hasi dira! Horrek erakusten du bake pixka bat emanez gero, natura oso esker onekoa dela, eta horrelako eremuak laster berreskuratzen direla.

Orain, berriz, udazkeneko pase garaian bete betean garen honetan, gozatu edarra hartzen ari gara Zarauzko natur zaleak. Orain arte, gurean, Txingudin, Urdaibain, edo Salburuan bakarrik ikus ahal zitezkeen hegaztiak bertara, etxe ondora, ari zaizkigu etortzen. Azken egun hauetan oso babestuak dauden eta inguruan ikusteko batere errazak ez diren hegazti-izar batzuen bisita izan dugu Iñurritzan. Besteak beste, antzara muturzuri batena, bost mokozabalena edo bi lertxuntxo handirena.

Azkenik, ez genituzke Iñurritzako auzotarrak eskertu gabe utzi nahi herriaren alde egiten ari diren ahaleginarengatik. Gauean igelek zarata ateratzen omen dute, eltxoak ere ugaritu egin dira eta arratoiekin arazoak omen dituzte. Baina, aurrean beste eraikin bat edo industrialdea eduki ordez, horrelako leku pribilejiatua izateak bere abantailak ditu.

Bi zubiak probestuz, bitakorarik ez…

Kaixo bidaizaleok!

Lengo astian hasi ginan Bitakorakin Afrikan zehar indako bidai earra biziz, Axpin eskutik. Zuekin bidaiatzeko gogoz gea, baina gaur eta hurrengo astelenean zubiak probestuz kanpoa guazenez… ba ez da saiorik izango. Besteik pe, hurrengo irratsaiuan elkar topatuko garelakuan… ondo segi!!!


		

Kuadrilla egunerako beroketa

Kaixo etsaiok, gaurkoan eraso bikoitza eginen diogu Zarautzi!!! Alde batetik betiko formatuan, alegia, Arraio Irratian arratseko Zortzietatik Bederatzietara, baina gau partean iritsiko da gure erasorik krudelena. Izan ere Kuadrilla egunaren atarian, gaur Munoako txosnagunean izango gara Lizarriturri Dj Doktorea eta Elektropeña, Mexiko-ko Crimen eta Intro zarauztarrekin batera. Beraz badakizue, gaurkoan bi aukera bidai elektroniko bat egiteko, Irrati bidez edo munoan zuzen zuzenean!!! Eutxourrei eta UP THE KAIOLS!!!

ATALKA bueltan da

Halaxe da arraiozale;

 

Etenaldi luzearen ostean indarberriturik dator Atalka, arraio irratiko elkarrizketa saioa.  Denboraldi berri honetan ere, makina bat gonbidatu ezagutu eta makina gai jorratuko ditugu.

Gaurkoan, besteren artean Zarauzko surf eskolako zuzendaria den Mikel Troitiño Berasategi izango dugu gurekin.

Ez galdu aukera: ostegunero, (adi! ordutegi berrian): 21’00etatik 22’00ra, Atalka.

 

Programazio berria aurkeztuko dugu larunbat honetan

Arraio Irratiko kideek, udazken eta negurako prestatu dugun programazio berria aurkeztuko dugu larunbat honetan, Kuadrila egunean.

Nobedade askorekin dator gure programazio berria. Lehena, gure irratsaio propioen kopurua igo egin da. Ohiko saioez gain, Zirrimarra irratsaio berri bat hasi dugu asteazkenetan, Izerditan Blai saioaren ondoren.

Honez gain, gure saioen errepikapenei garrantzi handia eman nahi izan diegu eta astelehenetik ostiralera, arratsaldez ere errepikapen hauek entzun ahalko dira, Info7ko albistegiaren ostean. Larunbatetan ere, gure saioen errepikapenak entzun ahalko dira.

Gainontzean, beti bezala, beste irrati libreetako saioekin osatu dugu programazioa. Goizetan ohikoak diren Kale Gorrian (Info7) eta Suelta La Olla (Hala Bedi) irratsaioak entzun ahalko dira. Bertxoko, Kaleko Bentanie, Munduko Sustraiak, Hegoaldeko Ostatua Jokoa Bai eta Zarauzko erbesteratu bat parte den ADesalambrar saioak ere gurean jarraituko dute.

Nobedade bezala, Zintzilik Irratiko Matxura Buruan…, Kaleko Mobida, Zuria Beltzez (Hala Bedi), Gazte Zaparrada (Gure irratia) eta Mar de Fuegitos (Tas-Tas) ditugu.

Amaitzeko, beste Zarauztar batek Info7 irratian hilean behin egiten duten Uhaina Bikaina saioa ere gurean entzungo da.

Lerro hauen bidez, Arraio Irratia sintonizatzeko gonbita luzatzen dizuegu, bai FMko 99.3an eta baita internet bidez. Eta edonork irratsaio bat egiteko edo irratian kolaboratzeko gogoz bada, gure ateak zabalik dituela ere gehitu nahi dugu.