Gurekin Jai festa batzordeko kide Ainhize Muniozguren absolbitu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Iazko sanpelaioetan Ertzaintza txosnagunera joan, eta presoen sakabanaketaren aurkako pankarta kendu zuen. Horrez gain, hainbat herritar identifikatu zuen, tartean Muniozguren. Txosnaguneko arduradun gisa izena eman zuenez, Ertzaintzak ikertu egingo zuela esan zion, terrorismoa goratu izana leporatuta, eta Espainiako Auzitegi Nazionalera igorriko zituela izapide horiek.
Fiskalak urtebete eta sei hilabeteko kartzela zigorra, eta 10 urtean erakunde publikotan lan egiteko gaitasun gabetzea eskatu zuen bere akusazio idatzian. Dignidad y Justicia herri akusazioak, aldiz, urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra, eta erakunde publikotan lan egiteko 10 urteko inhabilitazioa eskatu zuen zarauztarraren aurka.
Apirilaren 20an izan zen zarauztarraren aurkako epaiketa, Madrilen, eta «inongo arazorik gabe» egin zuten saioa. Muniozgurenek berak deklaratu zuen lehenbizi, fiskalaren eta defentsaren galderak erantzunez. Horrez gain, hiru udaltzainek ere deklaratu zuten, baita Gari Berasaluze eta Jabier Etxaburu zinegotziek ere. Izan ere, txostenaren arabera, Ertzaintzak kenduko pankartako argazkien artean «ETAko preso» Berasaluze eta Etxabururenak ikus zitezkeen. Lekuko gisa deklaratu zuten biek.
Bost bat ertzainek ere deklaratu zuten babestutako lekuko gisa, bideokonferentzia bidez. Muniozgureni babesa erakusteko, 35 bat zarauztar izan ziren epaiketa gelan.
Be First to Comment