Press "Enter" to skip to content

Euskal Herrian bada zer entzun

arrosa2013kartela_zarautz_2Badira hamar urte pasatxo Arrosa sarea sortu zenetik. Geroztik, sarea osatzen dugun Euskal Herriko irratiok gure eguneroko lan isilean dihardugu, helburu argi batekin; nork bere proiektu komunikatiboan elkarlanaren bidez euskara bultzatu eta sustatzea.

Hogeita bat dira sarea osatzen duten irratiak egun, sortu zenetik asko izan dira zerrendara batu direnak, eta bakoitzak bere izaera edukiagatik, nor bere ezaugarri propioekin, gure irratietan euskararen presentzia areagotzeko elkarlanean jarraitzen dugu urtez urte.

Euskarazko irratsaioen elkartrukea da Arrosaren gaur eguneko funtziorik garrantzitsuena, eta horrekin batera, irratigintzari dagokionez batak bestearengandik ikas dezakeenari (bai kontu teknikoetan eta baita bestelakoetan ere) garrantzia berezia eman diogu azken urteotan. Elkarlanean jarduteak eskaintzen dituen aukeretan sakontzen jarraitzea izan da gure asmoa betidanik eta horrela izango da aurrerantzean ere.

Helburu horrekin hain zuzen ere, martxoaren 2an eta bigarren urtez jarraian, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, Arrosa irrati sarearen ekimenez egun osoko egitaraua antolatu da “Euskal Herrian bada zer entzun” lemapean.

Goizeko 10etan hasita, eta goiz osoan zehar, tailer ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek: erredakzio tailerra, nola sortu irrati bat zerotik, zuzeneko emisioa kaletik, estudioko mahaiaren erabilera, uhinetatik sarera, albisteen tratamendua eta hizkuntza sexista, software libreak irratigintzan, automatizazio programak, audio editatzea, ahozkotasuna irratigintzan…

Parte hartzaileentzat bazkaria egongo da Putzuzulon bertan eta ondoren, arratsaldeko 17etatik aurrera: Arrosa sarea. Atzo, gaur eta bihar izenburupean mahainguru irekia edukiko dugu. Gure asmoa, sarean lan egiteak eskaintzen dituen aukerak aztertzea eta etorkizunera begira urratu beharreko bidea zehaztea izango da.

Izena emateko arrosa.sarea@gmail.com helbidera idatzi.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude