Press "Enter" to skip to content

Hilabetea: urria 2017

Bihar, Kitzika saioaren estreinaldi mundiala izango da!

Zer da erotika? Zer ulertzen dugu hitz hori entzutean?

Galdera horri erantzuteko, kalera irten gara jendearen iritzia galdetzera. Bestalde, greziar klasikora bidaiatuko dugu, eta desirek gure jendartean izan eta duten lekua ere aztertuko dugu.

Hori nahikoa ez, eta zinema erotikoaren historia, musika aukeraketa zaindua eta fikzioak izango dira entzungai gure lehenengo saioan.

Hortaz, Kim eta Pam nor garen jakin nahi baduzu, ez galdu biharko zita, 21:00etatik aurrera, Arraio irratian, 99.3 FMn.

 

Aurtengo programazioa aurkeztuko dugu larunbat honetan

2017-2018ko programazioa aurkeztuko dugu larunbat honetan Arraio Irratia osatzen dugun kideok. Putzuzulo Gaztetxearen urteurreneko ekitaldiarekin bat egingo dugu gainera.

Goizeko 11:00etatik 14:00etara irratsaio berezia egingo dugu FM eta internet bidez eta desobedientziaren kantubirarekin ere bat egingo dugu.

Berrikuntzekin dator irratiaren programazio berria. Esaterako, aurten bi saio berri ekoitziko ditu Arraiok, Kitzika irratsaioa eta Bapateko Unibertsoa irratsaioak hain zuzen ere.

Agurrak ere izango ditugu. Kaiolatik irratsaioak esaterako, agur esan digu 11 urteren ostean. AGUR ETA OHORE KAIOLATIK. Bolloenea irratsaioak ere ez du jarraituko.

Baina programazio berriaren nondik norakoak, esan bezala, larunbatean 11:00etatik aurrera edukiko duzue entzungai.

Lurra eta hitza aske!

Kaixo lagunok!

Bi elkarrizketa interesgarri izango ditugu aste honetako saioan. Batetik, Tosuko landako lagunengana joko dugu aurrena, bertan eraiki duten proiektua eta desalojo saiakeren aurrean duten egoera ezagutzeko. Bestetik, La Haine eta Kaos en la Red hedabideetako kazetari Bororen kasua izango dugu hizpide: hiru auzi ditu irekita kazetari lanarekin eta adierazpen askatasunarekin lotuta, eta epaiketarako data jarri berri diote.

Horrez gain, Ibon Iparragirreren aldeko manifestazioaren berri gerturatuko digu Edonatok, eta Amaiaren lehen kolaborazioa ere izango dugu.

Hori eta gehiago, 21:00etatik aurrera, Arraio Irratian! FM 99.3!

Tosuko landa. Topatu.

Surf kontuak biharko saioan

Kaixo entzule maite!

Biharko saioan surf kontuak izango ditugu hizpide. Lehendabizi Ibon Imaz memorialaren berri emango dugu, asteburuan herrian izango den surf txapelketa. Hau aitzakia hartuta, maila gorengo zirkuitua errepasatuko dugu. Landetan izandako emaitzak aztertuko ditugu alde batetik eta bestetik neska eta mutilen sailkapena nola dagoen begiratuko dugu froga baten eta biren faltan baitaude hurrenez-hurren.

Behin uretan murgilduta bodyboardari ere tarte bat eskainiko diogu. Hemen ere froga bakarra falta da maila goreneko zirkuitua bukatzeko eta eskualdeko Alex Urangaren ibilbidea errepasatuko dugu.

Lasai egon entzule, ez gara playeroez ahaztu eta!! Igande honetan emakumezkoen lehendabiziko jardunaldia izango da, gainera berrikuntza handiak dakartza aurtengo honetan. Hau kontuan izanda kinielarekin eta partiden pronostikoak egiten saiatuko gara, animatu zaitez zu ere gure kinielan parte hartzera!!

Hau dena, beti bezala ostiralean 18.00tatin aurrea izango duzu entzungai Arraio Irratian, FMko 99.3an!!