Azken urteotako dinamikari jarraipena emanez, 5. Preso eta Iheslarien Eskubideen Aldeko eskubaloi jardunaldia ate joka dator. Orain dela hiru urte bezala, hau Zarautzen antolatzeko asmotan ari da biltzen lan-talde anitz bat. Urtarrilaren 7an, aldarrikapena, kirola eta festa uztartzea du helburu ekimenak. Hala ere, arrazoi teknikoen atzean ezkutatua, Udal-gobernua antolakuntza oztopatzen ari da, Aritzbatalde kiroldegiko pistaren erabilera momentuz ukatuz. Ekimenaren bultzatzaileek argi dute borondate onik balitz Zarauzko agintarien partetik, konponbide batera iristeko ez legokeela arazorik. Honenbestez, eskubaloi jardunaldi hauetan parte hartzeko deialdia zabaldu nahi dute. Goizean jokatuko diren eskubaloi partiden ondoren, festak Putzuzulo Gaztetxean izango du jarraipena, bazkari eder batekin. Taldeen izen emateak hilaren 21ean itxi arren, bazkaritarako txartelak urte amaiera arte egongo dira eskuragarri ohiko lekuetan.
Be First to Comment