Arantza Arruti
Giza eskubideak modan daudela dirudi. Gure bizitzaren eta elkarbizitzaren zorua dela ematen du. Ez dakit etikoa edo ez, baina zorua. Inor ez da ausartzen giza eskubideak ukatzen ez eta zalantzan jartzen. “Nola egongo naiz bada giza eskubideen kontra!â€, pentsa dezake edonork. Hori bortxatzaileak ere esan dezake, are sentitu, kontrako bidean doan jokabidea eduki arren, hain dago barneratuta mendebaldeko gizon- emakumeen burmuinean. Badirudi giza eskubideak betidanik existitzen diren arauak direla, jendeak hasiera-hasieratik onartu eta arazorik gabe praktikatzen duen araudia osatzen dutela. Pentsamolde horren arabera jendeari jende izateagatik, pertsona izateagatik, nor izateagatik zor zaizkio giza eskubideak, eta inork ezin ditu zalantzan jarri. Maila horren azpitik ez dago jaisterik. Munstroak ginateke.
Errealitateak argi asko desegiten du gutako bakoitzaren imajinarioaren argudio inozo hori. Izan ere, giza eskubideak ez baitira sekula gizateriaren edo jendakiaren hasieratik existitu. Kontzeptua bera aski modernoa da, pasa den mendekoa. Oraintsu ere, giza eskubideak ez dira gizaki guztiek gozatzen duten ezaugarria. Eta gainera, eskuratu izan arren, giza eskubideak ez dira betiko irabazten. Borrokatu egin behar dira. Haiei eutsi gabe, haien aldeko borroka zintzo, konprometitu eta tai gabekorik gabe, jai. Ozenki eta sutsuki defendatzen dutenak berak, instituzioetako buru argitsu eta erretolikaazaleak, saiatuko dira murrizten, banan-banan.
Donostiako 16. Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu den film- eta dokumental-sorta luze zein laburrari, erreparatzea baino ez dago goian esandakoaz jabetzeko. Jende guztiak munduko txoko guztietan ez ditu eskura berez omen dagozkion eskubide horiek; ez Manilan, ez Myanmarren, ez Europan. Ez Euskal Herrian ere, adi horri! Azken baieztapena nekez ulertuko duenak ikus beza aurten irabazle atera den filma: La cifra negra de la violencia institucional (Alex Payá, 2018) Torturari buruz ari da, besteak beste, eta Euskal Herriko bi torturatu agertzen dira: Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria eta Unai Romano, zeinaren aurpegi hanpatu eta desitxuratuak munduari bira eman zion bere garaian. Honelaxe aurkeztu da filma esku-programan, ausardia osoz. “Oraindik ere, atxilotu eta zigortuen zaintzaz arduratutako funtzionario publikoek torturak, tratu txarrak eta giza eskubideen beste urraketa batzuk eragiten dituzte Espainiako estatuan. Zein baldintzatan torturatzen dute Espainian? Zergatik kostatzen da hainbeste salatzea? Zer ondorio ditu torturak biktimentzat eta legea urratzen dutenentzat?â€.
Biktimentzat, izugarriak; “funtzionario publiko†torturatzaileentzat, hutsaren hurrengoa da, jakina. Baina esanguratsua da jendeak, ikusleek, 84 minutuko film honi ematea lehen saria. Esanguratsuak baita, filma eman ondoko solasaldian, jendeak erakutsi duen interesa eta goi-maila ere, zeinak Zinemaldiko zuzendari Josemi Beltranek berak azpimarratu dituen. Behintzat, behingoz, ikusleak ez dira urruneko etengailuarekin ibili, ez dute urrunagora begiratu, nolabait onetsiz hunkigarriagoak direla guretik kanpo dauden giza eskubideen urraketak ingurukoak baino. Aski katarsikoa eta sanoa iruditu zait jendearen hobespena. Bakezale amorratuenek aitortu ez arren, milaka izan baitira azken hamarkadatan Euskal Herrian torturatu izan diren lagunak.
Beste bi film espainiarren osteko solasaldietan ere, lotura nabarmena azaldu da Euskal Herrian bizi den problematikarekin: Desde el otro lado del charco (Carlos Suarez, Isabel Suarez, Pablo Giménez, 2017) eman ondoren, Josu Ibargutxik (Frankismoaren krimenen aurkako Euskal Plataformakoa) parte hartu zuen solasaldian; izan ere, film horrek diktadura frankistaren biktimek jasaten duten borreroen zigorgabetasun historiko etengabea lantzen baitu. Eta Shootball (Felix Colomer, 2017), non Alberto Barandiaran (Ez duzu abusatuko liburuaren egilea) mintzatu zen Euskal Herriko Elizako pederastiaz dakiena baliatuz.
Emakumearen aldeko beste urrats bat
Programazioan bertan ikusi da aurten aukeratutako filmen artean (epaimahaiaren meritutzat jo beharko dugu) emakumea pairatzen ari den egoera ankerra nabarmentzeko joera, eta badela ordua urraketa sistemiko horri stop emateko. Beauty and the dogs/Aala kaf ifrit (Kaouther Ben Hania, 2017) filmak jaso du Amnesty Internationalen saria, merezimendu osoz, baina badira beste hainbat film non emakumearen bizimodu petrala eta giza eskubideen aurkakoa aipatzen den. Hala nola: El orden divino/Die göttliche Ordnung, suitzarra (Petra Volpe, 2017), aurtengo Zinemaldiari irekiera emateko aukeratu dena, hain zuzen; A better man (Attiya Khan, 2017) kanadarra; Euna (Seung-Hyun Chong, 2017) korearra; Djam (Tony Gatlif, 20179 franko-turkiar-greziarra; Alma Mater/ Insyriated (Philipe Van Leeuw, 2017), Alicia (Maasja Ooms, 2017)) herbeheretarra; eta, maila batean, El silencio roto (Piluca Baquero, 20179 espainiarra. Ez alferrik, Zinemaldiaren helbururik behinena hauxe da: “Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren inguruan gogoeta, sentikortasuna eta eztabaida sustatzea, justizia eta berdintasun sozialarekin konprometituak diren herritar aktiboak eraginezâ€.
Ez da emakumea Zinemaldiko gai zentrala izan, ez, hainbesteraino ere ez; baina esanguratsua da sari berezi bat lortzea; txalogarria eta aberatsa. Ardatz horretan, balioetsi behar da inaugurazioan, apirilaren 20an, emakumeen sufragioaz gogoeta egiten duen film bat aukeratu izana; lehen aipatutako El orden divino, alegia. Ba al zenekiten, non eta Suitzan, 1971ra arte, emakumeek ezin zutela botorik eman? Aipatzekoa ere bada, Mabel Lozanok emandako hitzaldia: “Los amos de la prostitución y la trata” izenekoa, gaia borobiltzeko.
Beauty and the dogs/La belleza y los perros koprodukzio bat da, Tunisia, Frantzia, Suedia, Libano, Katar eta Suitzaren artean ekoiztua, eta aho batez hartu dute erabakia epaimahaikideek. Azken Cannes-en Zinemaldiko sail batean ere aurkeztua izan da. Filmak bortxaketa salatu nahi duen emakume batek jasan behar duen jazarpena eta erruduntasun-prozesua aztertzen ditu, eta honako arrazoi hauek azpimarratu dituzte epaimahaikideek saria ematerakoan: “Filmean instituzioen zurruntasuna ageri da; izan ere, udaberri arabiarraren ondoren, ez baitira aldatu, segurtasun-indarren inpunitate eta korporatibismoa. Biktima defendatzen dutenek hartzen dituzten arriskuak nabarmendu nahi izan diraâ€.
Esan zitekeen, Euskal Herrian eta, bereziki, haren hiriburu nagusian, Iruñean, gertatutako bortxaketaren, eta, bereziki, epaileen erabaki itsusiaren eraginez egindako hautua izan daitekeela Amnesty International-ena, baina, egia esate aldera, sententzia polemiko hura idatzi aurretik hartua dela azaldu dute. Hautuaren mamia txalogarria ez ezik, azken San Ferminetako bortxaketa sonatuari eta epaileek deblauki emandako sententziari aplikatu ahal zaio, iragarlea baitirudi: “Emakumeen errebindikazioak beste dimentsio bat hartzen ari diren unean, film honek gogoetarako elementu bat eransten dio emakumeen eskubideen defentsariâ€.
Amaitzeko, ezin bitxiagoa egiten da Martuteneko espetxean antolatu den saio berezia. Horrelako eta antzeko saioek edozein espetxetan eguneroko errutina hitsa eteteko izan ohi duten balio ukaezinaz gain, auskalo zer dioten preso arruntek giza urraketen inguruan. Ez da inon aipatu, eta jakin mina badut. Izango ahal du eraginik halako instituzio itxietan gertatu ohi diren eskubide-urraketa txiki eta handiak gizarteratzeko. Oihartzunik ez du izan, hala ere, eta espero dugu hurrengoren batean izatea. Berdin, zinemaldiari eskatu ahal zaio ez emateko hurrengoan aukera zapaltzaileei zapalduen bizkar gailentzeko, Muhi-Generally Temporary filmarekin gertatu den bezala, edo beste moduren batera esateko (antolatzaileek justifikatu baitute hautua), zapalduak, kasu honetan palestinarrak, gaizki tratatuak ez sentitzeko.
Be First to Comment