Press "Enter" to skip to content

Egilea: hankak_lurrean

Azaroari errepasoa eta Martxel Aizpurua entzungai ttirriki-ttarrakan

Azaroari errepasoa eman diogu aste honetako irratsaioan, tartean, pinuak, hartzak eta artzainak, Prestige eta Flyschak, lurraren defentsan  errepresioaren datuak… eta beste hainbat kontu jorratzeaz gain, elkarrizketa nagusia Martxel Aizpurua erlezainarekin izan dugu. Egun erle eta erlauntzek bizi duten egoera aztertzeaz gain, eztigilearen ofizioa azaldu eta animatu ditu gazteak mundu harrigarri honetan parte hartzera. Honetaz gain, izan dugu gure kultura eta ohituretan  erleek zuten pisuaz ohartzeko  eta hainbat kontakizun jasotzeko aukera ere izan dugu, prentsa! erleei zuka egiten omen zaie beste animalia guztiei hika egiten zaien bitartean edo etxeko nagusia hiltzean, erletara joateko ohitura omen zen argizari gehiago egin zezaten eskatzeko… Honelako kontu ugari dituzue entzungai beraz aste honetako ttirriki-ttarraka(hankak lurrean) irratsaioan, eta badakizue lurraren zaleok zita bat duzuela ostegunero arraio irratian 19:30tatik 20:30ak arte.

Ostegunean ttirriki-ttarrakan erleak protagonista!

Aste honetako ttirriki-ttarraka irratsaioan hileko azken asteetan egingo dugun bezala, azaroari errepasoa emango diogu eta Euskal Herrian zein nazioartean lurrarekin loturiko zenbait berri jorratuko ditugu saioaren hasieran. Ondoren, gai interesgarri baten ingurumarian arituko gara, erlearen bueltan alegia. Izan ere,  erleak  desagertuko balira gizakia ere desagertuko litzatekeela esan zuen behin hola Einstein  handiak. Gurera, bera ez baina  erleez eta eztiez hainbeste dakien  Martxel Aizpurua hurbilduko da, erlezain eta biologo zarauztar ezaguna,  eta berarekin erleen gainean jardungo dugu luze eta zabal. Badakizue beraz ostegunero bezala, arratsaldeko 19:30tatik 20:30artean arraioko uhin libreetan aurkituko gaituzuela.

Ttirriki ttarraka lehen irratsaioa entzungai duzue!

Lehen irratsaioa osatu dugu ttirriki-ttarraka hankak lurrean arraio irratian. Sara Letamendiarekin zolda-belarra izan genuen hizpide, hilero eta  hirugarren asteetan egingo dugun sendabelarren atalari hasiera emanez.  Aizarnarrak noiz bildu, nolakoa den eta batez ere zertarako erabili azaldu zigun. Izan ere, aspalditxokoa dugu landare honen ezagutza gurean; golpe eta okertuentzat eta batez ere hezurrak josten, bere izenari zordun. Sustraiekin eta kanpo erabileran beti ere, nola egin ukendua, olioa edo alkohola azaldu zizkigun. Jarraian , Iban Zabaltza botanikoa eta Blaseneako kidea izan genuen . Berarekin, Elkanon duela 15 urtetatik hona duten   Blasenea landare mintegia erakutsi zigun, zer den, nola sortua, zergatik… Solasaldi ederra osatu genuen eta landare ekologikoak ekoizteaz gain, bestelako proiektuen berri ere eman zigun  eta azaroan gaudenez, hazien aroa edo hila, gaur egun haziengan transgeniko eta transnazionalek duten kontrola eta geure haziak izatearen garrantziaz jardun zigun Ibanek. Eta musika eta bestelako hainbat kontu ere izan ziren… Entzungai duzue beraz irratsaio osoa, on egin! Datorren astean ostegunez,  19:30 20:30 artean, hobeto ez dakit baino gehiago seguru!

Ostegun honetan hasiko gara: ttirriki-ttarraka (hankak lurrean)

Datorren ostegunean, bai azaroak 22an, hasiera emango diogu irratsaio berri bati, hain zuzen, lurraren inguruan osatutako irratsaioari. Izenari dagokionean, batzutan izaten da ba xuxen hastea.., kontua da hankak lurrien badela beste irratsaio bat Axkoitiko kontrako eztarrixen emititzen dena, geureari ttirriki ttarraka(hankak lurrrean) deitutiko diogu ,  bejoakiela agur bero bat xakelei bide batez!

Irratsaio honetan lurraren inguruko gora beherak, alternatibak, ohiturak,sendagaiak, errezetak,  gatazkak, hitzak,  hainbat kontu lantzen edo mahai gaineratzen saiatuko gara arraioko uhin libreetatik. Aste honetan esaterako, Sendabelarren atala izango dugu Aizarnako Sara Letamendiarekin, ondoren elkarrizketaren tartean, Blaseneako kideak izango dira euren ekimenaren berri ematen eta hazi eta landare ekologikoen gainean. Honetaz gain, musika eta beste hainbat kontu ere izango ditugu.

Badakizue beraz, ostegunero Atalka saioaren aurretik, 19: 30 20:30  zuzenean arraio irratian: ttirriki-ttarraka(hankak lurrean).