Press "Enter" to skip to content

Kategoria: Ithaka Ukatuz

Heldu gara Ithakara…

Hiru denboraldi, hamaika abentura eta milaka istorioren ondoren badirudi Jacques Cousteau eta Willy Fog-en noraezeko bidaiak geldiune bat jasango duela. Aurtengoan Ulisesek hasitako bideari ez diogu jarraipenik emango, baina lerro hauek aprobetxatu nahi ditugu eskerrak emateko.


Lehenik eta behin gela arroxetik pasa zaizkigun gonbidatu berezi guzti-guzti horiei. Eskerrik beroenak asteazken gauetan munduaren txoko ezberdinetan kokatu gaituzuelako. Guretzako ahaztezinak izango diren bidaiak gurekin elkarbanatzeaz oso eskertuta gaude!


Nork ahaztu Iñigo Belartietaren Nikaraguako pasarteak, Patri eta Mariaren Annapurnako ibilaldiak, Martxelek Hego Ameriketan alde batetik bestera eraman gintuenekoa, Maddirekin Costa Ricako oihan eta itsasoa ezagutu genuenekoa, Txufo eta Eliren Indiako zirrarak, Abaren Japoniako zorakeriak, Amaia, Leire eta Sararen Peruko algarak, Toxiren Boliviako begirada ezberdina, Cristinaren Senegaleko altxorrak, Oierrek Myanmarren egindako bidaia, Lizarrek aurkeztu zigun Sri Lanka miresgarria, Uxoak Tibet-en goxotasuna erakutsi zigunekoa, Badiren Singapurreko egunerokoaren deskripzioa, Nadheten Ekuadorreko esperientzia, Xabi Azpiazurekin munduko txoko ezberdin ugari deskubritzeko aukera izan genuenekoa, Saioak Kariberen beste errealitate bat erakutsi zigunekoa, Unax, Liza eta Joxeanek New Yorkeko sagar handia jan zutenekoa, Amagoia, Ane eta Josebak Afrika sakoneko perlaren inguruan hitz egin zigutenekoa, Miren eta Peiok Asia hegoaldea bisitatu zutenekoa, Telmok Canadan hasi baina amaierarik izan ez zuen abentura eroa, Harbilen Egiptoko aztarnen nondik norakoak, Risik maoriei egin zien bixita, Ane eta Markelek Kubaren bihotza erakutsi zigutenekoa, Asier eta Gorkak bizikletaren gainean Kyrgyzstan mapan kokatu zigutenekoa, Nagore eta Konpiren ibilaldi gastronomiko ederra, Mireia eta Onintzaren Saharako bizipenak, Kaxper eta Manuk asko kostata Kubara egindako bidaia, Leireren Pragako egonaldia, Beñat Mexiko eta Guatemalan barrena galduta ibili zenekoa, Ainarak surfean dena olatua ez dela erakutsi zigunekoa, Pablo Londreseko sandwicman-a izan zenekoa, Axik Kenian aurrera eraman zuen proiektua, Nagorek Sri Lanaka eta Maldivas-en egindako bidaia zirraragarria, Josu, Ekain eta Ibaiek Kolonbia hankaz gora jarri zutenekoa, Emakume surflariko taldeak emakumeak inoiz baino indar gehiagorekin daudela gogorarazi zigutenekoa, Jaizpuk hainbeste erregutu ondoren gure irratsaioan parte hartu zuenekoa, Ainhoak Hego Amerikan izan zituen abentura eta kalenturak, Xabok Australia eta Indonesian izandako esperientzia, Joxean, Liza eta Kaxperrek gela arroxeko esperientzia errepikatzea erabaki zutenekoa furgonetarekin Europan barrena egindako bidaia azalduz, Gorka Lizasok Indiako beste aurpegi bat irudikatu zigunekoa, Klara eta Peñarekin Portugal gurutzatu genuenekoa, Ganix eta Gorkak gasolinarik onena garagardoa eta norberaren hankak direla erakutsi zigutenekoa, Sarairen Argentinako goxotasuna, Ian eta Lukasek Brasilen hasitako bidaia zoroa, Maritxalar-Iguaran familiarekin Italiaz liluratu ginenekoa, Rambo eta Beltzuriak Afrikaz maitemintzea edo maitepoztea egin zutenekoa, Itsasok Asiak zerbait berezia duela gogorarazi zigunekoa, Bertso eta Tximasekin brigadisten esperientziak ezagutu genituenekoa, Oihana eta Jaioneren Txileren ikuspuntu berezia… MILA ESKER GUZTI-GUZTIOI!


Bestetik eskerrak eman Arraioko familia osatzen duzuen guztioi. Behar izan dugunean hor egon zaretelako eta duela 3 denboraldi sartu ginen abentura honetarako bidailagun hoberik burura etortzen ez zaigulako.


Azkenik nola ez zuei, gure entzule maiteoi! Mila esker asteazkenero gure ahotsa zuen sukalderaino sartzen uzteagatik, barkatu gaizki esandakoengatik eta jarraitu bidaiatzen!!!


Entzun Arraio! Izan Arraio!

Adi!!!

Gaurkoan tamalez ez da Ithaka Ukatuz irratsaiorik izango. Irratitiz haratago doazen arazo batzuk medio, gaurkoan ez dugu bidaiatzeko aukerarik izango. Barkatu eragozpenengatik eta bi aste barru indartsuago itzuliko garelakoan gaude!!

Borroka ezberdinak ezagutzeko bidaia

Askapenak brigada internazionalistak antolatzen ditu zenbait herrialdetako borroken berri bertatik bertara izateko, esperientzia horiek ekartzeko eta Euskal Herriko askapen borroka zabaltzeko. Gaurkoan guzti honen inguruan jardungo gara Hodei Iruretagoiena eta Iraitz Gesalagarekin, edo Zirri eta I jauna bezala ezagunagoak Arraioko uhinetan.

Munduko beste txokoak ezagutzeko aukera desberdin eta interesgarri honen inguruko solasaldiaz gozatzeko 21:00etatik aurrera Fmko 99.3an izango gaituzue!