Press "Enter" to skip to content

Egilea: Antigualeko

Antigualeko irratsaioaren aurrenengo denboraldiaren amaiera…

Kaixo lagunok!!! Zoritxarrez, azken uneko arazo batzuk direla eta, ezin dugu agurtu lehen denboraldi labur hau irratsaio berri batekin.
Horregatik, gaur, ekainak 15, 21:30tik aurrera, duela aste batzuk Jexux Egaña jauna izugarri interesgarriarekin izan genuen solasalditxoarekin lagatzen zaituztegu.
Eskerrik asko gurekin animatu zaretenoi hamarkada dezente batzuk atzera salto egiten gure gonbidatuen eskutik eta irratsaio hau egiten lagundu diguzuen beste Arraiokide gazte eta ez hain gazte guztiei.
Okerrik ezean, datorren urteko ilbeltzaren bukaeraldean entzuten gara… izan gaiztoak!!!

Iñaxio Aizpurua, Antigualekon!! Zorionekoak gu!!!

Duela 92 urte Narrondon (Zumaia) jaiotako Iñaxio Aizpuruarekin izan genuen solasalditxoarekin gatoz. Berak, nahiz eta hainbeste urte pasa, oso fresko dauka Frankoren estatu kolpeak eta ondorengo gerrak nola markatu zuen bere haurtzaro eta gaztaroa ze besteren artean bera aita 3-4 urtez etxetik kanpo egon zen Frankoren ejerzitoari aurre egiten eta gero espetxe batean preso. Horregatik, bere bizitzaren lehen hamarkadak ez ziren batere samurrak izan, bereziki, morroi eman zituen 7 urteak. Gero, argindarra sortzen eta inguruko herrietan banatzen zuen enpresa batean hasi zen lanean, soldaduskara joan zen, ezkondu zen, familia izan zuen etab…
Pasadizo, hausnarketa, txantxa…pila aditu ahal izan genizkion bata bestea bezain interesgarri eta baliogarria.


Ez galdu aukera, 21:30tik aurrera, Arraio Irratian Iñazio Aizpurua!!!!

Iñaki Iruretagoiena “Kukulu”, Antigoaleko 2. saioan!!

Duela ia 87 urte Zarauzko erdigunetik oso gertu zegoen kale baserri batean jaiotako Iñaki Iruretagoiena “Kukulu”:rekin solasalditxo izugarri interesgarri eta dibertigarri bat izango dugu. Beste kontu askoren artean jakingo dugu nola herriko familia batzuek iskin egin ahal izan zioten goseari Mirandako markesaren Zarauzko lurrak landuz, Udaletxeko plaza astoz eta berdura saltzailez beteta ahalko dugu irudikatu, ezagutuko ditugu Zarauzko gazteek txanpon batzuekin etxean laguntzeko udaran ze lan egiten zituzten , ondo ulertuko dugu garai horietako gazte batentzat zer suposatzen zuen soldaduska egitera joatea, zarauztarrentzat Donostiako Kontxako banderak zer nolako festa suposatzen zuen, entzungo dugu nola derrigorrez Circulo Carlistaren jardueretan hartu behar zuten parte… eta noski, Iñaki hainbat urtez bake epailea muxutruk izandakoa denez ba horretaz ere jardungo gara. Ez galdu aukera paregabe hau, entzun hau eta ezagutu gure iragana ulertzeko nondik hatorren!!! Gaur, apirilak 20, 21:30tik aurrera!!!

Euskal Herria Kantuz: Garai bateko kantujirak, zaharrak berri

Albiste onak!!! Antigoaleko irratsaio berriaren lehen saioa, bihar, martxoaren 23an, Jexux Egaña jaunarekin!!!

Antigoaleko irratsaioa ezin hobeto hasteko, Jexux Egaña izango dugu gure gela arrosean. Bera, duela 89 urte Zarauzko herrigunetik dezente gertu zegoen baserri batean jaio zen eta horri esker ezagutu ahalko dugu garai horietan nola zen Zarautz, bertan haztea eta herriko eskola batean ikastea. Hori gutxi ez eta bera bezalako euskaldun euskaltzale, aita, langile eta orain erretiroa hartutako gizon batek kontatuko digu nola bizi izan zuen Zarautzen antolatu zen lehen greba, herrian zegoen giro ultrakontserbadorea ulertzen lagunduko digu, Irrintzi kultur elkarte euskaltzale handiaren ibilbide luze eta oparoa ikaragarri ondo deskribatuko digu…eta gure herriak eta gizarte honek azken hamarkadetan izan dituen aldaketa pila guzti hauek nola ikusten dituen jakiteko zorte zoragaria izango dugu.

Beraz, martxoaren 23a hilabete honetako 3. osteguna denez, zuekin Arraio Irratian… Jexux Egaña Antigoalekon!!!