Press "Enter" to skip to content

Kategoria: Izerditan blai

Plaieroen inguruko saio berezia bihar Izerditan blaien

Kaixo entzule maite!

Biharko saioan plaieroak izango ditugu mintzagai. Jakingo duzuen bezala, 75. ekitaldia dago jokoan, hori dela eta Zarauzko Kirol Elkarteak ekimen ezberdinak antolatu ditu. Horietako bat larunbat honetan ospatuko da. Martxoaren 23an, 11.00tatik aurrera 66 futbol partida jokatuko dira Zarauzko hondartzan, bi txandetan banatuta. Ondoren bazkaria ere ospatuko da gaur egungo zein lehenago ibili diren jokalariekin. Honetaz guztiaz hitz egiteko bazkaria antolatzeko lanean diharduten bi kide gerturatuko dira gela arroxera.

Honetaz gain, ez dugu ahaztuko pasa den larunbatean izan genuen solasaldia. Hondartzako futbolari susperraldi bat emateko asmoz, bertaratutakoek ideia ezberdinak plazaratu zituzten eta horien berri ematen saiatuko gara.

Beti bezala, sintonizatu Arraio irratia FMko 99.3an bihar, asteazkena 20.00tatik aurrera!!

Saskibaloiko neskak, hondartzako futbola eta honen inguruko solasaldia biharko saioan

Kaixo entzule maite!

Biharko saioan saskibaloiko neskak izango ditugu berriz ere gela arroxean. Azken partida Easo taldearen aurka irabazi ostean sailkapeneko lehendabiziko postuan kokatu dira igoera faseari ezin hobeto ekiteko. Beraz, azken partida garrantzitsu hori eta jarraian datorren igoera faseaz arituko gara beraiekin.

Honetaz gain hondartzako futbola edo plaieroak ere errepasatuko ditugu. Igandean, emakumezkoek fase erregularreko azken partida jokatu zuten eta gizonezkoek final laurdenak izan zituzten jokoan. Gai honi loturik, ez dugu aipatu gabe utziko Arraio Irratiaren 13. urteurrena girotze aldera, bertako saio ezberdinok antolatu ditugun ekimenak. Urteak dira gure saioan hondartzako futbola edo plaieroen jarraipena egiten dugula. Aurten 75. ekitaldiaren harira talde gehiagok eman dute izena txapelketan baina azken urteotan joera aurkakoa izan da. Iaz emakumezkoen liga desagertzear egon zen eta gizonezkoetan badira zenbait talde urtemuga honengatik jarraitu , berriz hasi edo sortu direnak. Bestetik hondartzako futbol txapelketa antolatzen ari direnek ere errelebo bat behar dela adierazi dute. Honen guztiaren inguruan informazioa biltzeko galdetegi bat bidali diegu par hartzaile zein antolatzaileei. Hortaz, martxoaren 16an plaieroen gaur egungo egoera zein etorkizunak arituko gara. Bertan parte hartzeko gonbidatzen ditugu gaur egungo zein lehenago aritu diren jokalariak, epaileak, antolatzaileak eta zaletuak.

13 urtez, Arraioz(a)harro!

Bai, zaharragoak eta harroagoak gara arraiokideok. Zergatik sinetsi zahartzea txarra dela? Nork erabaki zuen hamahiruak zorte txarra ematen duela? Hamahirugarren urteurren honetan, inoiz baino bihurriago gaudenez hautsak eta uhinak harrotuko ditugu!

Ikasturte hau oparoa izaten ari da: 9 irratsaio ditugu entzungai (musika, gaurkotasuna, kirola, elkarrizketak, bidaiak, bertsoak, feminismoa, euskara, jasangarritasuna, ekologia…) eta 35-bat kide gabiltza informatzen, pentsarazten, isilaraziei ahotsa ematen, bestelako musika eskaintzen…. Harro egoteko arrazoirik ez zaigu falta, hortaz.

Irrati librea gara, autogestionatua, euskalduna, bizimodu kapitalista eta heteropatriarkarra irauli nahi dituena. Gure helburua eragitea da; pasibo nahi gaituzten arren, ez gara! Besterik badago, besterik egin dezakegu. Eta horretan ari gara, bestelako bide hori eraikitzen.

Oraindik ezagutzen ez bagaituzu, egin aproba, piztu irratia, sintonizatu FMko 99.3a; Zarautzen ez ezik, Oriotik hasi eta Ondarruko portuko ranpiraino entzun gaitzakezue. Eta interneten ere bagaude,www.arraio.eus web-orrian, edo Euskal Herriko Irrati Libre eta komunitarioen Arrosa sarean ere bai (www.arrosasarea.eus).

Eskerrik asko, noski, orain arte entzun gaituzuen guztioi, etorri zareten guztioi, lagundu duzuenoi. Irratiak hitz egiteko balio du, bai, baina entzuten ez bada, zentzurik ez du. Horregatik guztiagatik, aurtengo urteurrena ere zuekin guztiekin ospatu nahi dugu. Izan ere, xedeak eta balioak argi ditugu, eta horien artean dago zuek, gure entzuleak zaindu eta gozaraztea; arraiokideok gozatzen dugun bezainbeste, ahal bada.

Martxoak 16, larunbata. Plaieroen inguruko solasaldia Zarautz Kirol Elkartean 11:00etan.

Martxoak 21, osteguna. Ahoztar Zelaietaraen La trama del 4% Putzuzulo gaztetxean 18:30ean.

Martxoak 24, igandea. Gipuzkoa Bertsotan, girotze saioa Putzuzulo gaztetxean 17:00etan.

Martxoak 27, asteazkena. Mahai-ingurua: Euskara sexista eta ez sexista Modelo aretoan 19:00etan.

Apirilak 4, osteguna. Sendabelarrak Sara Letamendiarekin Merkatu Plazan 19:00etan.

Apirilak 26, ostirala
. Gipuzkoa Bertsotan, berotze saioa Putzuzulo gaztetxean.

Enrike Kortajarena bihar Izerditan blai saioan

Kaixo entzule maite!

Biharko saioan Enrike Kortajarena izango dugu gonbidatu gela arroxean. Zarauzko kirol galan Kirola bizi saria eman zioten, halterofiliako entrenatzaileari. Azken urteotan halterofilian aritzen direnekin jarduten badu ere, ZKEko beste zenbait esparrutan ere bere jakinduria zabaltzen du. Honela bada, bihar pisu handiko gonbidatua izango dugu ea elkarrizketa ez den astuna egiten.

Enrikez gain playeroen kiniela ere egingo dugu, neskek fase erregularreko azken partida izango dute jokoan eta mutilek final laurdenak, beraz, jardunaldi garrantzitsu baten atarian gaude. Saioa beti bezala asteazkenean 20.00tan hasiko da, Arraio irratian, FMko 99.3an!!

Bihar herriko taldeen errepasoa eta Kirol Gala Izerditan blai saioan

Kaixo entzule maite!

Aurreko astean agindu bezala, oraingoan herriko taldeen hileroko errepasoa egingo dugu. Urtarriletik hona izan dituzten emaitzak aztertu eta beraien sailkapenari begirada bat eskainiko diogu.

Honi loturik, pasa den astean izandako Kirol Galan sarituak izan ziren kirolarien zerrenda errepasatuko dugu. Gala honetan 2018an Zarauzko kirolari onenak saritu zituzten eta horren aipua egingo dugu.

Honetaz gain playeroen errepasoa ere egingo dugu, igande eguerdian izan zen jardunaldiko emaitzak aintzat hartuz. Hau dena beti bezala, asteazkenean 20.00tatik aurrera Arraio irratian, FMko 99.3an!!